biografia

Berria.info » Papereko Edizioa » Idoia Etxeberria»  Donostia

      Osteguna, 2011ko azaroak 3 – 16:03

Sufrimendua eta askatasuna

Gaur, mendea bete da Frida Kahlo margolari mexikarra jaio zela. Sufrimendua arte bihurtzen jakin zuen. Askatasunaren ikur bilakatu zen, maiz bere gorputz minberatuan preso sentitu arren.

Liburuak, filmak eta antzezlanak egin dituzte Frida Kahlo margolariaren bizitza oinarri hartuta. Ezaguna da, Mexikon ez ezik baita nazioartean ere. Eta mirestua. Emakume kementsua zelako, iraultzailea, karisma handikoa. Bere gorputz trauskilean gatibu egon arren, askatasunaren ikur izan zelako. Sufrimendua arte bihurtzen jakin zuelako. Gaur ehun urte bete dira jaio zela.

18 urterekin, istripu larria izan zuen Kahlok, eta bizitza baldintzatu zion horrek. 32 ebakuntza egin zizkioten, eta sufrimendua etengabea izan zen harentzat. Margolanetan islatzen du min hori. 143 lan egin zituen, eta 55 autoerretratuak dira. Ohean hasi zen margotzen, asperdura uxatzeko, ispilua lagun zuela. Sentimenduak -oinaze fisikoa eta psikologikoa- erakusteko bidea izango zuen artea aurrerantzean. Bera agertzen da artelan gehienetan. «Bakarrik egoten naiz askotan, eta nire burua da ondoen ezagutzen dudana», zioen. Bego Muruagaren ustez, «ez da ohikoa artista batek bere burua eta sentimenduak hainbestetan margotzea, hain obsesiboki». Baina Kahlori ez zion ardura. Barruak eskatzen ziona zen.

Eta haren osasun egoera batere ona ez bazen ere, oso bizitza aktiboa izan zuen. Bai politikan bai artean. «Margolari moduan ez ezik, ekintzaile bezala izan zuen garrantzia. Politikarekin oso lotua egon zen. Komunista eta estalinista zen», Muruagak dioenez. Mexikoko alderdi komunistako kidea izan zen. Diego Rivera margolari ezagunarekin ezkondu zen, eta hark asko eragin zuen Kahloren arte estiloan eta bizimoduan. Begirada gogorrekoa baina barre errazekoa zen. Freskoa, umoretsua, erakargarria. Apasionatua. Eta batez ere askea: askea margotzen, pentsamoldez, janzkeran, sexuan, politikan. Gizarteko arauak hankaz gora botatzen abila.

Erretzailea zen, eta alkoholak mina arintzen laguntzen zion. Tekila edatea, txiste berdeak kontatzea eta festa giroan kantatzea gustatzen zitzaizkion. Eta bazekien jendearen arreta erakartzen. Kahlok mexikartasuna aldarrikatzen zuen. «Mexikoko ezaugarritzat zituelako nabarmentzen zituen bibotea eta bekainak. Argazkietan oso eder ikusten dut nik; itzal lauso-lauso bat zeukan, baina margolanetan bekainbakarra dirudi!», azaldu du Muruagak. Folkloreko elementuak ere erabiltzen zituen. Eta Mexikoko soineko luze tradizionalak eta apaingarri exotikoak eramaten zituen soinean. Dotore eta harro. Halako harridura eta miresmena sortarazten zituen, Pariseko egonaldian Vogue aldizkariko azalean agertu zela, Picassorekin batera.

Kahloren bizitza eta lana eskutik helduta doaz, ezin dira bereiztu: artelanak haren biografia dira. Gorputza iltzez josita marrazten zuen bere burua, bizkar-hezurra irekita, ospitaleko oheko oinazeak elementu fantastiko eta beldurgarri bihurtuta… Osagai inkonkruenteak han-hemenka, iruditeria originala sortu zuen, ezohikoa. Kolore biziekin, apropos bilatutako sinpletasunez. Andre Breton artista frantziarrak surrealismoarekin lotu zuen, eta berak onartu. Denborarekin, baina, konturatu zen ez zela horrela: «Nik ez ditut nire ametsak margotzen, nik nire errealitatea margotzen dut».

BIZITZA, PAUSOZ PAUSO. Coyoacanen jaio zen, Mexikoko hiriburutik gertu, 1907ko uztailaren 6an. Baina berari Mexikoko iraultzarekin batera jaio zela esatea gustatzen zitzaion; 1910eko uztailaren 7an, alegia. Lau ahizpatan hirugarrena zen, eta txikitatik egokitu zitzaion berezia izatea: sei urterekin poliomielitisa izan zuen, eta eskuineko hanka ezkerrekoa baino askoz meharragoa eta motzagoa geratu zitzaion. Mutilez jantzita disimulatzen zuen gabezia hori, galtza luzeekin; halaxe agertzen da familiako argazki askotan. Aita argazkilaria zen, jatorri alemaniarrekoa. Kamera erabiltzen eta argazkiak errebelatzen erakutsiko zion Kahlori. Kamera aurrean nola jarri ere bai. Biak gertatuko zitzaizkion baliagarriak gerora. «Abantaila hori zeukan. Garai hartan argazkiak ateratzea luxua zen. Familia onekoa zen», dio Muruagak.

Medikuntza interesatzen zitzaion: natur zientziak, biologia, anatomia. Eta Mexiko DFko ikastetxerik ospetsuenean hasi zen ikasten, karrerarako prestatzeko. Neskatxa errebeldea zen, eta mutilez inguratuta ibiltzen zen ikastetxean, bihurrikeria guztien buru. Literatura eta ezkerreko ideiak zituzten gustuko, eta talde bat ere sortu zuen: Los cachuchas. Han ikusi zuen, lehen aldiz, senar izango zuena: Diego Rivera margolaria hormairudi bat egiten ari zen, ikastetxean.

Eta Kahloren bizitza goitik behera aldatu zen, 1925ean. Autobusean zihoan, Alejandro Gomez mutilagunarekin, tranbia batekin talka egin zutenean. Bizitza galtzeko zorian egon zen. Gorputz-atal asko zituen kaltetuta: bizkar-hezurra, lepoa, gerria, sahietsak… eta eskuineko oina. Hiru hilabete egin zituen ospitalean. Eta ondoren luzaz egon zen ohean, ia urtebetez. Orduantxe hasi zen margotzen.

Bizitzeko zuen grinari esker, osasun egoerak nabarmen egin zion hobera: istripuak bizitza osorako ondorioak utzi zizkion, baina ibiltzen hasi zen berriro. Mexikoko giro artistikoa ezagutu zuen orduan; Tina Modotti argazkilari komunista eta Diego Rivera, besteak beste. Miretsi egiten zuen Rivera, eta iritzi eske hurbildu zitzaion bere margolanekin. Hari izugarri gustatu zitzaizkion, bai lanak bai Kahlo bera. Margotzen jarraitzeko esan zion. Eta elkarrekin irteten hasi ziren. 1929an ezkondu ziren.

Atsegin bezainbeste buruko min ekarri zizkion harreman hark. Maitasuna, sormena, antzutasuna, gorrotoa. Riverak asko lagundu zion Kahlori bere ibilbide artistikoan eta bere nortasuna finkatzen. Haren mireslerik handiena izan zen. «Bukaera arte egon zen senarrarekin, baina arazo pila bat zeuzkaten, batez ere Rivera zen bezalakoa zelako: oso neskazalea zen. Eta gizartean ondo ikusita zegoen: zenbat eta emakume gehiagorekin egon, hobe, gizonago. Eta Fridak, bere osasun arazoekin, laguntza ere beharko zuen. Azken urteetan gurpildun aulkian egon zen», horra Muruagaren azalpena. Maite zuten elkar, baina infidelitateek, haurrik eduki ezinak eta bien izaera gogorrek infernu bilakatzen zuten bizikidetza.

1931n AEBetara joan ziren bizitzera, Riveraren ospeak eraginda. Batez ere New Yorken eta Detroiten ibili ziren. 1938an egin zuen bakarkako lehen erakusketa Kahlok, New Yorken, Andre Bretonek lagunduta. Surrealista espontaneoa zela zioen hark. Parisen beste erakusketa bat antolatu zion, 1939an. Egonaldi hartan Picasso margolaria ezagutu zuen: elkarrekin bazkaldu zuten. Ordurako Kahlo ezaguna eta maitatua zen nazioartean.

1937an, Leon Trotski politikari errusiarra eta haren emaztea Coyoacango beraien etxean aterpetu ziren. Kahlok erromantze labur bat izan zuen Trotskirekin, eta handik lau urtera, lider komunista hil egin zuten; Ramon Mercader estalinista izan zen hiltzailea, baina Kahlori eta Riverari hari laguntzea egotzi zieten. Atxilotu egin zituzten, gero libre uzteko.

1943tik aurrera eskolak eman zituen Mexiko DFko arte plastikoen ikastetxe batean. Eta Kultura Mexikarra seminarioko kide ere bazen. 1953an jarri zuen Kahloren lehenengo erakusketa Mexikon, bakarra, hiriburuko Arte Garaikideko Galerian. Kahlo oso gaixo zegoen, eta medikuek galarazi egin zioten inauguraziora joatea. Baina joan egin zen, anbulantzian, sirena hotsekin. Txundituta geratu ziren denak. Galeriaren erdian jarri zuten, ohe batean etzanda, eta berriketa alaian, kantuan eta edaten igaro zuen arratsaldea, jendez inguratuta. Erakusketa hura askoren oroimenean geratuko zen.

Urte hartan bertan, hanka moztu zioten, belaun azpitik, gangrena zuelako. Sufritzen ohitua egonagatik, kolpe latza izan zen hura. Depresioak jota, bere buruaz beste egiten saiatu zen birritan. Ohetik mugitu ezinik, poemak idazten zituen egunerokoan, minaz eta damuaz batez ere. 1954ko uztailean egin zuen azken agerraldia jendaurrean, komunismoaren aldeko manifestazio batean, gurpil aulkian. Handik gutxira hil zen, uztailaren 13an. Gazte, 47 urterekin. Bronkoneumonia batek eraman zuela diote batzuek. Misterioa nahiago dute bestetzuek. Espero dut bidaia zoriontsua izatea, eta espero dut ez itzultzea, ditu egunerokoko azken hitzak. Gora bizitza, idatzi zuen azken margolanean.

Haren errautsak Coyoacango etxean daude, 1958tik museo bihurtua: Frida Kahlo Museoa. Diego Rivera 1957an hil zen. Duela 50 urte hain justu.

 

 

ELEFANTEA ETA USOA

Frida Kalho txikia zen, argala. Diego Rivera, handia eta lodia. Elefantea eta usoa: Kahloren aitak asmatu zuen goitizena. Rivera 20 urte zaharragoa zen, eta Kahloren amaren oniritzirik gabe ezkondu ziren, 1929an. Riveraren hirugarren ezkontza zen. Amodio-gorrotozko harremana izan zen hura, oso gorabeheratsua. Nortasun handikoak eta jenio bizikoak ziren biak ala biak. Eta biek zituzten ezkontzaz kanpoko harremanak. Rivera neskazale sendaezina zen, eta Kahlok hasieratik zekien hori. Baina bihotza erdibitu zitzaion ahizpa gazteenarekin, Cristinarekin, oheratu zela jakin zuenean. Badirudi orduan hasi zela sexu askatasuna erabiltzen, 1934an. Eta bisexuala izan zen: emakume zein gizonezko, bietariko maitaleak izan zituen. Partekatu ere egin zituzten amorante batzuk. Kahlok emakumeekin zituen ibileren berri zuen Riverak, eta onartzen zituen; gizonekin zuen jarrerak, baina, jeloskor jartzen zuen.

1940an bereiztu egin ziren, hurrengo urtean berriro ezkontzeko. Kahlok Riveraren lana miresten zuen, eta alderantziz ere bai. Akuilu izan ziren bata bestearentzat, kritikari eta aholkulari. Manifestazioetan eta jarduera politikoetan ere elkar hartuta ibiltzen ziren. Nire neskatila, hala deitzen zion Riverak Kahlori, eta Rivera haurtxo txikia zen Kahlorentzat. Maitasun apasionatua izan zen haiena. Baina konplikatua. «Bi istripu izan ditut bizitzan», esan zuen Kahlok behin: «Bata, tranbia bat gainetik igaro zitzaidanekoa, eta bestea Diego».

Gaztetan izandako istripuaren ondorioz, Kahlok ezin zuen haurrik izan. Asko kostatu zitzaion hori onartzea. Bi aborto izan zituen, eta Riverari egozten zion erruaren zati bat, ez ziolako behar besteko arretarik jartzen. Elkarrekin zeudenean ekaitza pizten zen, baina elkarrengandik urruti ere ezin zuten bizi. Bukaera arte egon ziren batera.

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.

%d bloggers like this: